Aurkezpena
Aurkeztera goazen agirian bilduta daude Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak 2013. urtean egindako jardueraren elementurik esanguratsuenak. Gogorarazi nahi dugu erantsitako txostenaren formatua daukala, hau da, osotasun integratu baten (Arartekoak Legebiltzarrarentzako egin duen 2013. urteko txostena) zatia izanda ere, modu independentean irakur daitekeen agiria egin dugu. Horrela, erakundearen antolaketarekin eta funtzionaltasunarekin lotutako errealitatea islatzen du, talde bereziki ahul horri dagokionez: Ararteko erakundearen jardueraren zati bereizezina izanda, haien eskubideak bermatzeko kezka, interesa eta jarduerak zeharkako ikuspuntu batetik egiten dira. Ikuspuntu horrek adingabearen interes gorenari ematen dio lehentasuna, eragindako eremua edo bizitzaren alderdia edozein dela ere. Azaldutakoaren ildoan, testuan zehar txosten orokorreko zatiak eta atalak aipatu egiten dira eta, modu berean, txosten orokorrean Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenari erreferentzia egiten zaio, bai kasu batean, bai bestean, garrantzi edo zehaztasun handiagoko gogoetak egiten diren bakoitzean.
Informazioa bost kapitulutan egituratuta dago. Lehenengoan bulegoaren jardueraren araudi-testuingurua azaltzen da, bai eta txostenak hizpide duen urterako ezarritako plangintzaren barruan dauden lan-ildoak ere.
II. kapituluan, guztien artean luzeena, Ararteko erakundearen berezko jardueratik abiatuta, haurren eta nerabeen eskubideen inguruan antzemandako arazo nagusiak aipatzen dira. Abian jarritako jarduerak eta herritarrek aurkeztu dituzten kexen; egindako ikuskapen bisitaldien; ofiziozko ikerketen; arduradun publikoekin eta gizarte erakundeekin izandako bileren; foroetan, batzarretan eta profesionalen topaketetan parte hartu izanaren ondorioz lortutako ikaskuntzak birpasatzen dira.
III. kapituluak haurrek eta nerabeek parte hartu dezaten eratu dugun organoan garatutako jardueraren aipamen berezia egiten du: Haurren eta Nerabeen Kontseilua. Haren egitura, funtzionamendua eta, batez ere, 2013. urtean zehar jorratu diren gaien inguruan, gure haurren eta nerabeen berezko ahotsa atal horretako orrialdeetan jaso dira.
IV. kapituluak haurren eskubideei dagokienez, errespetuan oinarritutako kultura sortzen laguntzeko zenbait jarduera bildu ditu: ezagutza trukatzeko foroetan parte hartzea, beste gizarte eta erakundeen arteko eragileekin lankidetzan aritzea, hezkuntzako materialak argitaratzea edo 6-11 urteko haurrentzako Ararteko erakundearen web orrialdea bertan aipatzen diren ekimenetako batzuk dira.
Azkenik, V. kapituluak ixten du agiria. Bertan, haur eta nerabeen eskubideen egoeraren balorazioa egiten da, laburbilketa gisa.